Zazpigarren edizioari amaiera emango dio gaur Araba Encounter topaketak, eta online eginiko hitzorduaren helburuak soberan bete direla diote antolatzaileek. Batik bat, pertsonen arteko konexioa bultzatzeko eta teknologiarekin loturiko ezagutzak hedatzeko xedea du Euskaltel Fundazioak abiarazitako egitasmoak. Guztira, 49 jarduera hartu ditu bilkurak, doako hitzaldi eta tailerrak barne. Hortaz, koronabirusak ezarritako murrizketak gaindituz, hitzordu teknologikoak mantentzeko apustu irmoa adierazi dute antolatzaileek.
Ezagutza zientifikoaren hedapena erraztearen alde agertu da Roberto Rabasco Orvium enpresaren fundatzaile-kide eta BooleanCloud enpresako zuzendaria, gaur eskainitako hitzaldi batean. Zentzu horretan, Open Science delakoaren alde apustu egin du: zientzia irekiak editorial zientifikoetan oinarritutako lan-eredua gainditzea du helburu. Eredu tradizional horrek lau elementu ditu ardatz: sortzaileak, editoreak, testu-orraztaileak eta harpidedunak. Pisu handia du planteamendu horrek, baina muga nabariak ere baditu; izan ere, gobernuak eta hezkuntza-erakundeak argitalpen zientifikoetan harpidetzera behartzen ditu, zifra astronomikoak inbertituz. Gainera, ikertzaileek euren lanaren eta argitalpen epeen kontrola galtzen dute.
Egoera horren aurrean, zientzia irekiaren abantailak ezagutarazi ditu: justuagoa, anitzagoa, eskuragarriagoa eta, hortaz, nabarmen demokratikoagoa da. Tresna informatikoak ere guztiontzat eskuragarri egon daitezen eskatu du, baliabide ekonomiko gutxiago dituzten herrialdeetan ere erabili ahal ditzaten.
Bestalde, Vicomtech enpresako Unai Elordi ikerlariak DeepFake izenarekin ezagutzen den adimen artifizialeko teknika zertan datzan azaldu du: bideo faltsuak editatzea ahalbidetzen du pertsona erreal baten aurpegia txertatuz (Face Swap).
Halaber, asteburuan zehar, Camp Tecnológico enpresak hainbat tailer eskaini ditu, 3D diseinuaren eta programazioaren inguruan, teknologia-mundua hasiberriei gerturatzeko.
Partaidetza handia isolamendua gainditzeko
Antolatzaileek arte digital, software libre, hardware eta bide-joko lehiaketetan izandako parte-hartzea azpimarratu dute, party presentzialetako zifren antzekoak lortu batira.
Online eginiko ekitaldi baten berezko zailtasunak gainditzeko, “areto birtualak” gaitu dira Discord plataformaren bidez, euren etxeetatik konektatutako parte-hartzaileak espazio horietan erlazionatu ahal izateko. Antolatzaileek lanparty presentzialetako ekimenak kudeatzeko erabiltzen duten tresna propioa, partyNet izenekoa, egokitu dute, bere osotasunean Internet bidez erabili ahal izateko. Horrela, prestatutako lehiaketa guztiak kudeatu ahal izan dituzte. Eta, azkenik, aurten egin diren gainerako Encounterretan bezala, streaming bidez, Twitch plataforman, eskaini den programa izan da ekitaldiaren haria. Bilkuraren jardueraren berri eman du saioak, eta elkarrizketak, erreportajeak eta musika-emanaldiak ere eskaini dira.
Topaketa Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI taldearen bidez) laguntzarekin.
Antolatzaileak pozik agertu dira parte-hartzaileen arteko lankidetza, laguntza eta elkartasun-jarrera nagusi izan direlako beste behin ere. Balio horiek dira, hain justu, Euskaltel Fundazioak antolatzen dituen Encounter topaketen zutabe. Izan ere, pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko loturak sortu eta bultzatzea da bilkura hauen xedea, IKTen testuinguruan.