- Caronte Web Studio marketin agentziako fundatzaile Jon Rivas Delgadok uste du pandemiak kontsumitzaileengan eragindako eraldaketak “iraunkorrak” izango direla. Itxialdian, Internet bidez erosteko ohitura gutxien zuen jendeak, 55 urtetik gorakoak, sistema hori erabiltzeko behar handiena izan du, segurtasun arrazoiengatik.
- e-ProcessMed enpresako arduradun Sebastián Armijos Leónen esanetan, adimen artifizialak ez ditu medikuak ordezkatuko, baina teknologia hori erabiltzen duten profesionalek gai ez direnen lekua hartuko dute.
- Prestakuntzaren aldeko apustu indartsua egin du Araba Encounterrek aurten: 13 hitzaldi eskainiko ditu doan, Euskal Encounterren Youtubeko kanalaren bitartez, adimen artifiziala, programazioa edo zibersegurtasuna bezalako gaien inguruan.
- Euskaltel Fundazioak antolatutako eta Euskaltelek, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez) lagundutako bilkurak eskainitako 340 plazak bete dira dagoeneko.
Pandemiak gizartean eta osasun arloan eragindako aldaketek ez dute atzera bueltarik, Araba Encounter 07 bilkura teknologikoan elkartutako adituen aburuz, eta egoera berrira egokitzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Asteburu honetan gauzatuko den topaketa digitalaren 340 plazak bete dira dagoeneko.
Caronte Web Studio marketin agentziako fundatzaile Jon Rivas Delgadok uste du pandemiak kontsumitzaileengan eragindako eraldaketak “iraunkorrak” izango direla. Itxialdian, Internet bidez erosteko ohitura gutxien zuen jendeak, 55 urtetik gorakoak, sistema hori erabiltzeko behar handiena izan du, segurtasun arrazoiengatik. Hortaz, hilabete gutxitan gainditu ahal izan dugu “eten digitala”. Adineko pertsonak dira, orain, euren senideek bideokonferentzia bidez gehien hitz egiten dutenak”, gaineratu du.
Koronabirusa gure bizitzetan agertu denetik, “aldatu egin da mundua”, Delgadoren esanetan: “Ez dakit onerako edo txarrerako, baina egokitu egin behar gara”. Nielsen Global Media-ren datuen arabera, espainiarrek euren denbora librearen ia erdia eman dute interneten nabigatzen, eta streaming plataformek sareko trafikoaren % 60 bereganatu dute. Merkataritza elektronikoa, gainera, ia % 40 handitu zen 2020ko apirilean, 2019ko epealdi berarekin alderatuz. Igoera horrek ez du aurrekaririk, eta merkaturatze bide berria markatzen die enpresa handi, ertain nahiz txikiei.
Bestalde, medikuntza-prozesuen digitalizazioan espezializatutako e-ProcessMed enpresako arduradun Sebastián Armijos Leónen esanetan, adimen artifiziala balio handiko tresna bilakatu da osasun arloarentzat; izan ere, pazienteen datuak biltzeari esker (betiere, haien baimenarekin), gaixotasunen garapenean antzeman daitezkeen ereduak topatzen ari dira. Zehazki, COVID-19aren aurre-diagnostiko telematikoa egiteko aplikazioa garatzea da egungo erronka handienetarikoa.
Armijosek adierazi du adimen artifiziala ospitale bateko ia eremu guztietan erabiltzen dela, bai diagnostikoak errazteko eta bai paziente bakoitzaren beharretara egokitzen diren tratamenduak aurkitzen laguntzeko. Adituaren ustez, adimen artifizialak ez ditu medikuak ordezkatuko, baina teknologia hori erabiltzen duten profesionalek gai ez direnen lekua hartuko dute.
Blockchain-a, informazioa deszentralizatzeko eta urratua ez izateko programazioa (kripto-txanponekin lotu ohi dena), osasun arloan ere aplikagarria dela jakinarazi du Armijosek. Zehazki, osasun informazio garrantzitsua modu irregularrean aldatu ezina bermatzen du.
Araba Encounterrek 49 jarduera hartuko ditu; besteak beste, Euskal Encounterren YouTubeko kanalaren bidez ikus daitezkeen 13 hitzaldi. Arte digital, software libre, hardware eta bideo-joko lehiaketak ere martxan dira dagoeneko. Eta abian da Twitch plataformaren bidez igortzen ari diren Encounter TV saioa, teknologia-munduari buruzko erreportajeak eta elkarrizketak biltzen dituena. Gainera, La Resistencia telebista-saioko Grison Beatbox-en eta Jaime Caravaca umoristaren emanaldia izango da gaur gauean.
Inaugurazioa
Online egindako inaugurazio-ekitaldian, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren diputatu Pilar García de Salazarrek baieztatu du arabar lurraldean ezarritako banda zabalari eta konektibitateari esker, “urte osoa Araba Encounter izatea” lor dezakegula, Arabak eskaintzen duen konexio-abiadurari erreferentzia eginez. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Leyre Madariagak Euskadiko Eraldaketa Digitalaren 2020-2025 Agendaren alde egindako apustua azpimarratu du. Eta eskerrak eman dizkie Araba Encounter posible egin duten eragile guztiei, Arabako Teknologia Parkea barne, topaketa gauzatzeagatik.
Azkenik, Euskaltel Taldeko eta Euskaltel Fundazioko presidente Xabier Iturbek adierazi du “erronka handia” izan dela bilkura antolatzea, baina pozik agertu da plaza guztiak agortu direlako, ekimenak izandako harrera onaren seinale. Horrez gain, Euskaltelek segundoko 10 gigabiteko konexioa eskaini duela gogorarazi du, “teknologia berriak demokratizatzeko, pertsonak konektatzeko eta ezagutzak partekatzeko helburuarekin, hori baita Euskaltel Fundazioaren xedea”.
Topaketa Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI taldearen bidez) laguntzarekin.