Adimen artifizialak osasun-, enpresa- edo hezkuntza-arloetan dituen aplikazioek izango dira aztergai larunbatean hasiko den Araba Encounter 07ren prestakuntza-atalean. Hala, abenduaren 5ean eta 6an, mundua eraldatzen ari den gai honi buruzko hainbat lehiaketa eta hitzaldi izango dira. Ekitaldiaren heziketa-eskaintza osatuko duten hitzaldien artean, hainbat gai jorratuko dira, hala nola ikusmen artifiziala, aurpegiak ordezkatzeko algoritmoak eta teknologia horiek osasun-arloan dituzten aplikazioak. Hitzaldi guztiak doan jarraitu ahal izango dira Twitch plataformaren bitartez.
Gaur egungo osasun egoerak online formatuaren aldeko apustua egitera behartu ditu antolatzaileak. Parte-hartzaile guztiak beren etxeetatik jardungo dira eta antolatzaileek, berriz, Arabako Parke Teknologikoan jarriko den kontrol-gunetik koordinatuko dituzte jarduerak. Topaketa doakoa izango da, eta programa osatzen duten jolas- eta prestakuntza-jarduera guztietan parte hartzeko eskubidea ematen duten 340 plaza eskainiko ditu. Zehazki, Araba Encounterreko programak 49 jarduera hartuko ditu, prestakuntza-hitzaldiak eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketak barne.
Araba Encounterrek teknologia berrien zaleen erreferentziako elkargune izateko bokazioa du eta bilkuraren prestakuntza-eskaintza indartzeko apustua egin dute beste behin ere. Interesa duten pertsonek, online formatuari esker, Twitch plataformaren bidez (www.twitch.tv/euskalencounter), 13 hitzaldiak zuzenean ikusteko aukera dute. Programazioa ekitaldiaren web orrian kontsulta daiteke (www.arabaencounter.org).
Hala, Vicomtech enpresako Unai Elordik Ikusmen Artifizialaren eta Adimen Artifizialaren bidez aurpegiak ordezkatzeko algoritmoek nola funtzionatzen duten azalduko du. Halaber, Camp Tecnológico enpresak adimen artifizialeko eta irudi-tratamenduko garapenetarako gailu elektronikoen erabilerari buruzko tailerra emango du. Bestalde, e-ProcessMed enpresako Sebastián Armijos Leónek adimen artifiziala, blockchain edo errealitate areagotua erabiltzen dituzten tresnak aztertuko ditu. Teknologia horiek osasuna hobetzeko diseinatuta daude; adibidez, gaixotasun baten diagnostiko zehatzagoa egiteko edo ospitaleko egonaldia erosoagoa izateko. Eta adimen artifizialarekin eta Araban garatzen ari diren datu-analisiarekin lotutako proiektuak ezagutzeko, Data Value Management aholkularitza-enpresako Borja Balparda de Marcok errealitate bihurtzear dauden ekimen erakargarrienak aztertuko ditu.
Topaketan zehar, Euskaltelek arlo horretan egiten duen ahalegina ere ikusi ahal izango da. Hain zuzen, BAI Analytics lantalde berria jarri du martxan enpresei adimen artifiziala ezartzen laguntzeko.
Izena ematen dutenek partyko arlo anitzetan esku hartu ahal izango dute, etxetik mugitu gabe, Discord tresnaren bidez. Antolatzaileek lanparty presentzialetako ekimenak kudeatzeko erabiltzen duten tresna propioa, partyNet izenekoa, egokitu dute, bere osotasunean Internet bidez erabili ahal izateko. Horrela, prestatutako lehiaketa guztiak kudeatu ahal izango dituzte. Eta, azkenik, aurten egin diren gainerako Encounterretan bezala, streaming bidez, Twitch plataforman, eskainiko den programa izango da ekitaldiaren haria. Bilkuraren jardueraren berri emango du saioak, eta elkarrizketak, erreportajeak eta musika-emanaldiak ere eskainiko ditu.
Topaketa Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI taldearen bidez) laguntzarekin.
Antolatzaileak ziur daude parte-hartzaileen arteko lankidetza, laguntza eta elkartasun-jarrera nagusituko direla, beste behin ere. Balio horiek dira, hain justu, Euskaltel Fundazioak antolatzen dituen Encounter topaketen zutabe. Izan ere, bere xedea pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko loturak sortu eta bultzatzea da, IKT testuinguruan. Gainera, online formatuak edonork parte hartzeko aukera ematen du, edozein lekutan egonda ere, Interneterako konexioa besterik ez da behar hitzorduan esku hartzeko. Horrela, oztopo geografiko guztiak alde batera uzten dira eta osasun-agintariek mugikortasuna murrizteko emandako gomendio guztiak betetzen dira.