Araba Encounterrek ez dio urteroko hitzorduari huts egingo, nahiz eta Covid-19 koronabirusaren pandemiak murrizketa-neurriak hartzera behartu duen. Abenduaren 5ean eta 6an egingo da topaketa teknologiko honen zazpigarren edizioa; aurten, online formatuan. Parte-hartzaile guztiak beren etxeetatik jardungo dira eta antolatzaileek, berriz, Arabako Parke Teknologikoan jarriko den kontrol-gunetik koordinatuko dituzte jarduera guztiak. Topaketa doakoa izango da, eta programa osatzen duten jolas- eta prestakuntza-jarduera guztietan parte hartzeko eskubidea ematen duten 340 plaza eskainiko ditu.
Online ekitaldi honek urruntze sozialari aurre egin nahi dio, eta betiko bokazioari eutsiko dio: alderdi ludikoa eta tailer zein hitzaldien bidez ikasteko aukera konbinatzea. Gainera, izena ematen dutenek arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketetan parte hartu ahal izango dute.
Araba Encounterren online edizioa teknologia berrien zaleentzako elkargunea izango da. Hain zuzen, online formatuak Gipuzkoa Encounter, Euskal Encounter eta XGN R topaketak egiteko aukera eman du aurten, baita edonork parte hartzeko ere. Izan ere, edozein lekutan egonda ere, Interneterako konexioa besterik ez da behar hitzorduan esku hartzeko.
Topaketa Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI taldearen bidez) laguntzarekin
Jarduera irekiak
Izena ematen dutenek partyko arlo anitzetan parte hartu ahal izango dute, etxetik mugitu gabe, Discord tresnaren bidez. Antolatzaileek lanparty presentzialetako ekimenak kudeatzeko erabiltzen duten tresna propioa, partyNet izenekoa, egokitu dute, bere osotasunean Internet bidez erabili ahal izateko. Horrela, prestatutako lehiaketa guztiak kudeatu ahal izango dituzte. Eta, azkenik, aurten egin diren gainerako Encounterretan bezala, streaming bidez, Twitch plataforman, eskainiko den programa izango da ekitaldiaren haria. Bilkuraren jardueraren berri emango du saioak, eta elkarrizketak, erreportajeak eta musika-emanaldiak ere eskainiko ditu.
Era berean, partyaz kanpoko edonork izango du online emango diren doako prestakuntza-hitzaldietan parte hartzeko aukera.
Antolatzaileak ziur daude parte-hartzaileen arteko lankidetza, laguntza eta elkartasun-jarrera nagusituko direla, beste behin ere. Balio horiek dira, hain justu, Euskaltel Fundazioak antolatzen dituen Encounter topaketen zutabe.